Bilbon Euskaraz

Bilbon Euskaraz

Egitasmoak

"Ikusi eta Ikasi" programak hamar urte beteko ditu aurten

2014-01-10

Ikusi eta ikasi

Bilboko haurren artean euskararen erabilera sustatzea xede duen ‘Ikusi eta Ikasi’ programak hamar urte beteko ditu 2014an, eta urteroko ohiturari jarraituz, urtarrilaren 14tik apirilaren 2ra bitartean, 2 eta 8 urte tarteko neska-mutilei zuzendutako 40 ekitaldi baino gehiago eskainiko ditu hiri osoko udaltegi, ikastetxe eta aretoetan.

Antzerkia, magia, musika, pailazoak, ipuin kontalariak, familia osoarentzako tailerrak eta bestelako proposamen eszeniko bitxiak aurki daitezke Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak Euskara Elkarteen Topagunearekin batera bultzatzen duen ‘Ikusi eta Ikasi’ ikuskizun-programaren aurtengo eskaintza berezian. Gainera, ekimenaren 10. urteurrena ospatzeko, oraingo edizioan piruletak banatuko dira partaide guztien artean.

Bilboko Udalak ahalegin berezia egin du ‘Ikusi eta Ikasi’ programa mantendu eta hobetzeko. Horrela, 10. urteurreneko eskaintza berezia 29 ikuskizunek, bederatzi tailerrek eta gurasoei zuzendutako hiru hitzaldik osatuko dute, iazko ekitaldi-kopuruari eutsiz. Jarduerak hiri osoko sei udaltegitan, Bilborock eta Karmen aretoetan eta Tiboliko eskolan, eta estreinako aldiz, Basurtuko Udaltegira ere hedatuko dira.

  • Jolasen Txokoa’: Ohi bezala, Euskal Herri osoko udal, mankomunitate eta euskararen aldeko erakundeek eratutako ‘Jolasen Txokoa’ deritzon erakusketa dinamikoa antolatuko da. Adin guztietako neska-mutilentzako jostailuak, jolas elektronikoak, liburuak, filmak, musika eta komikiak aurki daitezke: 330 produktu baino gehiago guztira, gurasoentzako materiala barne. (Informazio gehiago: www.katalogoa.org).
  • Gurasoen parte-hartzea: Gurasoen parte-hartzea sustatzea da, hain zuzen ere, ‘Ikusi eta Ikasi’ programaren helburu nagusietakoa, eta horretarako, iazko edizioan, ikusietaikasi.net deritzon webgunea sareratu zen, familiako kide guztientzat baina bereziki gurasoentzat baliagarriak diren era guztietako tresnak bilduz eta kezkak, aholkuak, estekak eta proposamenak partekatzeko aukera erraztuz.
  • Tailerrak eta hitzaldiak: Aurreko urteetako esperientzia oinarritzat hartuta, ‘Ikusi eta Ikasi’ programaren 10. edizioak bere horrexetan mantendu du orain arteko tailer eta hitzaldien eskaintza.
    Hirugarren urtez, familia osoaren parte hartzea bultzatuko duen belaunaldi arteko Sukaldaritza Tailerra egingo da, izan ere, seme-alabekin errezetak prestatzeak aukera paregabea eskaintzen baitu ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzeko.
    Horrekin batera, Eraikuntza eta Sormen Tailerra antolatuko da, eta iazko Aratusteei begira abiarazi zen Mozorro Tailerraren bigarren edizioa ere egingo da.
    Azken edizioetako usadioari jarraiki, Iñaki Eizmendi hezitzaileak gurasoei zuzendutako orientazio-hitzaldiak eskainiko ditu. Erdaraz egingo diren hitzaldi hauetan, Eizmendik euskaraz ez dakiten gurasoek haurrei nola lagun diezaieketen azalduko du.
  • Era askotako ikuskizunak: Urtero bezalaxe, ‘Ikusi eta Ikasi’ programaren 10. edizioak era askotako ikuskizunak bildu ditu etxeko txikienen gozagarri. Gainera, ahalik eta auzo gehienetara iristeko asmotan, aurtengo eskaintza Basurtuko Udaltegian ere izango da ikusgai estreinako aldiz.

Bilboko Udalak 2005ean abiarazi zuen ‘Ikusi eta ikasi’ aisialdi-programa, haur eta gaztetxoen artean euskararen erabilera era jostagarrian bultzatzeko asmoz. Apurka-apurka, eskaintza hiriko auzo gehienetara hedatuz joan da, betiere tokian tokiko ezaugarriak aintzat hartuz.

Liburuxka: Ikusi eta ikasi 2014

erantzunak

   

Utzi zure erantzuna:

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Egitasmoak

Zuretzat

Ba al zenekien?

Zerbitzuen Agiria

Bilboko Udalak hirian bizi direnekin hartua duen konpromisoaren erakusgarri da Zerbitzu Agiri hau. Herritarrei ematen dizkien zerbitzuak hobeak eta gero eta kalitate handiagokoak izatea da asmoa.

atzera Abendua 2018 aurrera
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930
31      
Bilbao