Bilbon Euskaraz

Bilbon Euskaraz

Bilbon euskara

Erroldako datuei begiratzea besterik ez dugu Bilboko biztanleria apurka-apurka euskaldunagoa dela ziurtatzeko; 2011ko erroldan, 78.000 elebidun baino gehiago zeuden eta 96.000, ia-euskaldun gehiago.

Euskaldun kopururik handiena 25 urtetik beherakoen artean dugu, neurri handi batean hezkuntza sistemari esker; euretariko asko umeak dira gaur egun, baina bihar-etzi gizarte-eremu guztietara barreiatu eta euskaraz bizitzeko aukera galdu nahi ez duten helduak izango dira. Bai horiei begira, bai euskalduntze prozesuan murgilduta dauden hainbat herritarrei begira, oraindik euskaldunak ez diren gizarte-eremuak gero eta euskaldunagoak izan daitezen lanean dihardu bere sorreratik Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak.

Lan horretan erabilitako baliabide nagusiak sailak berak sortutako programak, kanpainak eta jarduera puntualak izan dira eta Bilboko Udalak euskarazko jardueretarako euskara eta kultura elkarteei eman dizkien diru-laguntzak.

Gaur egun, Bilboko Udalak Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeak bultzatutako Euskara Sustatzeko Ekintza Planari (ESEP) jarraitzen dio, plan estrategiko hori baita euskararen normalizazioa gizartearen esparru guztietara zabaltzeko neurriak biltzen dituen tresna nagusia. Euskal gizarteari bere osotasunean dagokio euskara erabiltzeko aukerak eta guneak bermatu, zaindu eta sustatzea, eta herri administrazioek zeregin horretan lagundu behar diote, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legearen 5. artikuluak dioena gauzatze bidean jartzeko: “Euskal Herriko herritar guztiek dute hizkuntza ofizialak jakiteko eta erabiltzeko eskubidea, bai ahoz eta bai idatziz”. Euskararen erabilera sendotu eta zabaltzea gizarte egiatan elebidun bateranzko urrats ezinbestekoa da.

ESEP hiru helburu estrategikoren inguruan antolatuko da. Bat, ezinbestez, helburu nagusia baita, euskararen erabilera izango da. Erabilerarekin batera jabekuntzak eta elikadurak osatzen dute helburuen atala.

1.- Euskararen jabekuntza; Euskararen jabekuntza edo eskuratze-prozesuan hiru esparru bereiz daitezke: familia bidezko transmisioa, alde batetik, euskarazko irakaskuntza, bestetik, eta helduen euskalduntzea edota euskalduntze-alfabetatzea, azkenik. Euskara lehen hizkuntza modura belaunez belaun transmititzen da, baina prozesu horretan eskolak ere zeresan handia du. Horrezaz gain, eskolak euskara bigarren hizkuntza gisa transmititzen du, helduen euskalduntzeak bezala.

2.- Euskararen erabilera: Euskararen erabileran gehien eragiten duten faktoreak honako hauek dira: hiztunen kopurua, hiztunek euskaraz egiteko duten gaitasuna edo erraztasuna eta aukerak, inguruan harreman sare euskalduna izatea, hots, familian, lagunartean, auzoan, kalean, sarean eta esparru formalagoetan solaskide euskaldunak izatea, eta, azkenik, hizkuntzen arteko oreka eta berdinkidetasun soziala helburu duen kontsentsuak elikatzen duen hizkuntzarekiko atxikimendua. Beste maila batean bada ere, eragina du, eta ez nolanahikoa, hizkuntzaren bizitasunaz, indarraz edo adierazkortasunaz dugun pertzepzioak; azken batean, hizkuntzak duen egiazko balio funtzional eta sinbolikoaz dugun usteak.

3.- Euskararen elikadura; Hizkuntza eroso eta erraz hitz egin eta erabiliko bada, elikatu egin behar da, euskarazko edukien bidez eta horiek sortzen dituzten euskal eragileen bidez (hedabideak, argitaletxeak, ikastetxeak, zientzia-eragileak, etab.). Euskal hiztunak euskaraz behar ditu ereduak eta edukiak, bere hizkuntza jarduna aberasteko.

Euskararen erabilerak bi arlo nagusi ditu: bata sorkuntza eta bestea kontsumoa. Beraz, lehenik eta behin, euskarazko kalitatezko sorkuntza sustatu eta babestu behar da eta, horrekin batera, euskarazko kontsumoa indartu behar da ikuspegi askatzaile batetik euskal kulturaren industriarekiko, ekoizleekiko eta sortzaileekiko.

Bilboko Udaleko Gobernu Batzordeak 2014ko martxoaren 12an onartu zuen Euskara Sustatzeko Ekintza Plana Bilbon.

Loturak

Dokumentuak

Ba al zenekien?

Kale izendegia

Bertan Bilbo atalaren  baitako Leku izenak atalak aukera eskaintzen du kale-izendegian bilaketak egiteko. Kalearen izenaren arabera edota kale motaren arabera egin daiteke bilaketa.

atzera Azaroa 2019 aurrera
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930 
Bilbao