Bilbon Euskaraz

Bilbon Euskaraz

Zuretzat

BILBOKO UDALAK EUSKARAREN ERABILERA SUSTATUKO DU URIKO SALTOKIETAN, BILBAO DENDAK PLATAFORMAREN LAGUNTZAREKIN

2019-10-03

Bilboko Udalak BilbaoDendak hiri-merkataritzako plataformarekin batera ekintza batzuk garatu izan ditu merkataritza-sektorean euskaraz bizi eta lan egin ahal izateko.

Ekintza horietako bat BIRIBILKO programa dugu; hau da, uriko merkataritza-sektorean lan egiten duten pertsonentzat eta merkatarientzat beren-beregi prestatutako euskarako ikastaroak. Eta, hain zuzen, gaur goizean aurkeztu dute programa Bilboko Udaletxean Euskara eta Hezkuntzako zinegotzi Koldo Narbaizak eta BilbaoDendak hiri-merkataritzako plataformako presidentea den Rafael Gardeazabalek.

Bilboko Udalak, BilbaoDendak hiri-merkataritzako plataformarekin, HABErekin (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) eta euskaltegien sarearekin elkarlanean, eta Siadecoren laguntza teknikoarekin, aurten ere BIRIBILKO programaren alde egin du, hau da, Bilboko merkataritzaren arloko euskara normalizatzea sustatzea eta bultzatzea eta euskararen presentzia areagotzea helburu duen programaren alde. Azken finean, merkataritzan erabiltzen den euskararen ahozko eta idatzizko komunikazioa lantzea eta saltokietako ohiko egoeretarako hizkuntza-irizpideak ematea.

Horiek horrela, aurreko urteetan bezala, Biribilkok hauek eskaintzen ditu:

  • oinarrizko ikastaroak: oinarrizko ahozko komunikazioa lantzeko, merkataritzan ohikoak diren egoeretan hizkuntza-arloko irizpideak emateko.
  • eta euskara komertziala hobetzeko ikastaroak, saltokietan erabiltzen duten euskararen ahozko zein idatzizko maila hobetzeko.

Biribilkoren mota bateko zein besteko ikastaroek 90 orduko iraupena dute eta euskara-ikastaro horietan matrikulatu ahal izateko, baldintza bat baino ez da eskatzen: Bilboko merkataritza-establezimenduren batean enplegatuta egotea edo merkataria izatea.

Gainera, euskarako eskola horietara joaten direnek doan izango dituzte honako zerbitzu eta material hauek:

  • Biribilkoren 2019-2020 urteko ikastarora joan izanaren ziurtagiri pertsonala (ziurtagiria eskuratzeko gutxieneko asistentzia eskolen % 75a da).
  • Gaztelania-euskara motako merkataritza-arloko hiztegiak, jarduera-adar batzuetakoak, saltokietan erabiltzen diren hitzak eta esamoldeak jasotzen dituztenak.
  • Saltokietan izaera publikoko merkataritza-arloko testuak (kartelak) gaztelaniatik euskarara itzultzeko doako zerbitzua.

Izena emateko epea urriaren 8ra (martitzena) arte egongo da zabalik. Izena zuzenean eman daiteke euskaltegietan edo Biribilko programaren web orriko (www.biribilko.eus) Prestakuntza atalean dagoen formularioa beteta zein 688739015 telefonora deituta.

Ikastaroen ordutegiak saltokien ordutegiei egokitutakoak dira, alegia, goizeko lehenengo orduan, dendak zabaldu aurretik, 08:00etatik 09:30era, edo bestela, eguerdian, 14:15etik 15:45era.

Bilboko Udalak eta HABEk diruz laguntzen dituen Biribilko programako ikastaroak euskaltegi batzuetan ematen dituzte. Hauexek dira euskaltegiok:

  • Bilbo Zaharra. Posta kalea, 8
  • Gabriel Aresti. Done Bikandi, 2
  • Indautxuko AEK. Urkixo Zumarkalea, 88
  • Juan Mateo Zabala. Gordoniz kalea, 22
  • Matxintxu AEK. Ramón y Cajal etorbidea, 8
  • Lizardi AEK. Txakur kalea, 1
  • Santutxuko AEK. Arbidea kalea, 21
  • Ulibarri Euskaltegia. Gardoki kalea, 3

Biribilko programaren eta ikastaro horien gaineko informazioa www.biribilko.eus web orrian aurki daiteke. “Hizkuntza Baliabideak” atalean dohainik sartu daiteke sareko itzultzaile automatikoetara, merkataritzako errotuluetara, hiztegietara eta euskarazko oinarrizko esamoldeetara, baita merkataritzan ohikoak diren dokumentuetara eta lan-euskarrietara ere.

PARTAIDEEN BALORAZIOA ALTUA

Bilboko merkataritzarako aurreneko ikastaroak 2009an hasi ziren antolatzen eta ordutik, parte-hartzea gero eta handiagoa izan da. Ildo horretan, aurreko edizioan 153 pertsona matrikulatu ziren. Partaideen % 74,8 emakumezkoak izan ziren eta batez besteko adina, 45 urtekoa. Guztira, programa abian jarri zenetik 1.566 pertsona izan dira parte-hartzaileak.

Iaz Biribilko programako ikastaroetara joan ziren pertsonen balorazioa oso ona izan zen. Izan ere, 2018-2019 ikasturtean ibili ziren ikasleek, 0 eta 10 arteko eskala batean, batez beste 8,4ko puntuazioa eman zuten. Ikastaroa egin zuten pertsonen %34 zerbitzuen sektorekoak (ostalaritza, ile-apaindegiak, estetika-zentroak…); arropa, optika, loradenda, oinetako eta osagarrien adarrekoak %28 izan ziren, eta %13 produktu freskoak saltzen dituzten saltokietakoak (okindegiak, harategiak, arrandegiak…).

Ikastaro hauetan parte hartu duten pertsona gehienen ustez euskaraz hitz egiteak modu garrantzitsuan laguntzen dio negozioari errentagarriagoa izaten, bezeroak fidelizatzeko eta kalitate handiagoko zerbitzua emateko baliagarria delako; izan ere, horrela bezeroarenganako hurbiltasuna eta honen asebetetze-maila handiagoak dira. Gainera, saltokietan euskara erabiltzea modernizazio, prestigio eta erakargarritasunarekin uztartuta dago.

BILBAODENDAKEN EKINTZAK EUSKARAREN ALDE

Biribilko programaren sustapenaz eta zabalkundeaz gain, BilbaoDendakek euskara sustatzeko ekintza gehiago egiten ditu Bilboko merkataritzaren arloan. Euskara egunero erabiltzea gure argitalpenetan, emailetan, web orrietan, sare sozialetan, publizitate-kanpainetan eta abarretan.

Eusko Jaurlaritzaren “Eman hegoak euskarari” kanpainari babesa: Bilboko Udalarekin batera, txantxangorriaren ikurra diseinatu zen ohiko komunikazioan euskara erabiltzen duten dendak lehen begiratuan identifikatzeko eta gure hizkuntzarekiko konpromisoa ikustarazteko.

Horietako bat “Euskara Sustatzen duen Saltokiarentzako Saria” dugu. BilbaoDendak plataformak 12 ediziotan onarpena agertu dio Bilboko merkataritza-sektorean egiten duten lanari, Merkataritzako Sarien Galan, eta hori zenbait arlotan. Arlo horietako bat euskararena da. 2018an, Euskara Sustatzen duen Saltokiarentzako Saria Zazpi Kaleetan dagoen Geuria Merkatua elikagai-dendari eman zitzaion, bertako langile guztiak arreta euskaraz egiteko gai direlako eta euskara erabiltzen proaktiboak direlako, bai bezeroekin, bai barneko harremanetan. Gainera, bere web orria eta sareetako profilak euskaraz dauzkate erabilgarri.

Euskal Herrian, azaroaren 23tik abenduaren 3ra euskararen erabilera bultzatzeko Euskaraldiari babesa.
Beste ekintza bat oso harrera ona izan duena “Hemengo Shopping” izeneko bertako saltokien zeharko ibilaldi gidatuena da. Horietatik garrantzi berezia ematen diete batzuei; hain zuzen, bezeroei arreta euskaraz ematen dieten saltokiei. Informazio gehiago: www.bilbaodendak.eus.

erantzunak

   

Utzi zure erantzuna:

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Zuretzat

Ba al zenekien?

Hizkuntza eskubideak

Ba al zenekien zeintzuk diren Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren hizkuntza-eskubideak?

atzera Abendua 2019 aurrera
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031     
Bilbao